Vitoria-Gasteiz

Vitoria-Gasteiz Arabako Lautadaren erdi-erdian dago kokatuta, Madril Europaren gaineratikoarekin lotzen duen bidean, hain zuzen ere. Hiria komunikazio-ardatz handia da, kokapen estrategiko eta pribilegiatua duelako. Europaren eta penintsularen gaineratikoaren arteko zubia da, alegia.

Vitoria-Gasteizko historia berrienak lotura estu-estua dauka migrazio-mugimenduekin. XX. mende osoan, biztanle-kopuruak etengabe eta modu eutsian egin zuen gora, eta gorakada handieneko unea 60ko hamarkada izan zen. Epealdi horretan, bertako biztanle-kopurua bikoiztu egin zen, estatuko beste eskualde batzuetako etorkinak iritsi zirelako aurreko hamarkadan hasitako industrializazio-prozesuaren deiari erantzun nahian.

Bertako biztanleen jatorri aniztasuna hiriko ezaugarri nagusietakoa da. Horrela, bada, gaur egungo Vitoria-Gasteizen, 128 nazionalitatetako 242.147 lagun bizi dira*. Horrez gain, hiria bera beste 23.227 (%9,6) atzerritarrekin partekatzen dugunez, aniztasun eta aberastasun kulturalari begira lehenengo posizioan dago hiru euskal hiriburuak kontuan hartuta.

Hiria osatzen duten auzoei erreparatuz gero, atzerritar gehienak (1.989) Zabalganan bizi dira. Edonola ere, maila portzentualean, Alde Zaharrean dute ordezkaritza handiena, auzoko bizilagunen %19,7 atzerritarrak dira-eta. Gazteak dira, eta, gehienetan, Hego Amerikakoak, Magrebekoak, Europar Batasunekoak eta Afrikaren gaineratikoko beste herrialde batzuetakoak dira.

Vitoria-Gasteizko Alde Zaharreko jatorri aniztasuna ez dator bat Zabalgunea auzo mugakidearekin, bertako ezaugarri demografikoak oso-oso desberdinak dira-eta. Zabalgunean, biztanleen %8 baino ez dira atzerritarrak, eta, apurka-apurka, gero eta nabariagoa da bertako zahartzapena. Erdibidean, ordea, bi auzoen arteko zubi moduan, Andre Maria Zuria dago, gasteiztarren joan-etorrien lekuko mutua, baita bere izenaren omenezko plaza ere.

Hiriko erdialdea elkargune nagusia izan da betidanik, herritarrentzat, merkataritza-jarduerarako, elkarteentzat, aisialdirako, jaietarako eta gaueko bizitzarako. Elkarbizitza baketsuko** eremua da, hain zuzen ere, honako hauexek guztiak daudelako bertan: mendi-taldeak, adinekoentzako egoitzak, udaleko musika-eskola, gizarte zibileko erakundeak, moda-dendak, ikastetxeak, baliabide sozial publikoak, tabernak eta gaueko aisialdirako lokalak, besteak beste. Aniztasun horri esker, Alde Zaharrean eta Zabalgunean, giza, gizarte eta kultura arloko aberastasuna da nagusi era guztietako jendearen ekimen ugariek bat egiten dutenean.

Aniztasun horren alde, El Campilloko Auzo Etxeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak kultura arteko harreman berriak sustatzen ditu bi auzoei bizia ematen dieten nerabeen artean. Hartara, Vitoria-Gasteizko Udaleko Gizarte Gai eta Adinekoen Saileko Kultura Artekotasuneko Unitate Espezializatua den Norabideren bitartez, “Identibuzz Vitoria-Gasteiz” proiektua jarri dugu abian, bi auzoetako nerabeek hitz egin dezaten, elkargunea partekatu dezaten eta lankidetzapean partaidetzazko bideoa egin dezaten. Horrela, bada, hiriaren gaineratikoari jakinarazi ahal izango diote badagoela beste era bateko elkarbizitza ezartzerik!

 


* Erroldatutako bizilagunak. Hemendik hartutako datuak: Vitoria-Gasteizko Biztanleak 2013. 2012ko Mugimenduak. Azterketen eta Estatistiken Bulegoa. Vitoria-Gasteizko Udala.

** Elkarbizitzako eremuetan, zenbait jatorri eta kulturatako bizilagunei ez die ardura eremu hori modu baketsuan norekin partekatzen duten. Hemendik hartutakoa: “Araba: eremuak, kulturak eta (elkar)bizitzak”. CEAR-Euskadik egin du, eta Arabako Foru Aldundiak finantzatu du. 2010.

Mugitu

Iruzkina idatzi

Your email address will not be published. Required fields are marked *